domingo, 6 de diciembre de 2009

Nesken futbol taldea


Aurten, San Viator ikastetxeak Nesken futbol talde bat sortu du. 20 neskek osatzen dute taldea, nahiko motibatuta daude, gogorra izango dela ere badakite baina nesken futbola bultzatu nahi dute etorkizunean. Jarraipen bat izan dezala nahi dute, eta ez besterik gabe aurtengo berrikuntza bat. Parte-hartzeko fenomenoa den bitartean, eskolak bultzatu egingo du jarduera.


Talde hau sortzearen ideia eta bultzatzaile izan den neska batekin hitz egiteko aukera izan dugu, hona hemen berak esandakoa:


Nola sortu zen talde hau sortzeko ideia?


Beno ba nik betidanik saskibaloian aritu naiz, baina nahiko erreta nengoen jadanik. Orduan, uda hasi aurretik, lagun batekin Alaves ikustera joan ginen eta bromatan aritu ginen, futbol talde batean jolastea polita izango zela esanez. Futbol talde batean apuntatzea pentsatu genuen, baina jende gehiagori komentatu ondoren, lagunei, ikaskideei, ikusi genuen nola neska gehiago futbolean jolastu nahi zutela. Orduan nik kirol koordinatzailearekin hitz egitera joan nintzen eta ideia proposatu nion. Hasieran broma bat zelakoan hartu zuen, baina ondoren esan zidan neska guztien izenak ematea. Serioa zela ikusi zuen eta udan hasi ginen entrenatzen entrenatzaile barik, klaseko mutilen laguntzarekin eta beno orain entrenatzailea daukagu eta jende gehiago apuntatu da.

Zenbat neska zarete?Aurretik futbolean aritu da norbait?Zenbat urte dituzue?

20 bat neska izango gara 14 eta 16 urte bitartekoak. 8 edo 9k, aurretik futbolean arituak dira baina beste guztiak ez gara inoiz futbolean aritu. Batzuk saskibaloian ibili gara eta beste batzuk ez dute kirolik praktikatu.


Zer jolasten duzue?Eta nola zoazte?

Arabako liga territoriala jolasten dugu. 11 taldek osatzen dute liga eta esan beharra dago, taldeen artean desberdintasun handiak daudela.

Hasi ginenean, lehenengo partidua jolastu genuenean 30-0 galdu genuen. Izan ere pare bat aste generamatzan entrenatzen eta ez genuen ideiarik ez. Orain pixkanaka-pixkanaka hobetzen goazela uste dut, behintzat 20-0 edo 10-0 baino ez dugu galtzen. Hala ere, badakigu lan gogorra espero zaigula eta gure lehenengo gola markatzeko ilusioz gaude, eta uste dut lanaren ondorioz, laster etorriko dela.

Hala ere, oso ondo pasatzen dugu bai entrenamenduetan eta baita partiduetan ere, nahiz eta gol asko jaso eta beti galdu. Guztiok harreman ona daukagu eta ez dago gure arteko arazorik. Guztiak lehenengo gola sartzeko irrikitan gaude.

Nolakoa da nesken futbola?Mutilen berdina dela uste duzu?

Nire ustez desberdina da. Adibidez, mutilen partidu bat ikusten duzunean, agresibitate eta lehiakortasun handiagoa dago. Agian gure taldearen izaeragatik izango da, beti galtzen dugunez, ez dago gure arteko lehiakortasunik. Baina nesken futbola ere desberdina da intentsitateari dagokionez, pausatuagoa da, geldoagoa, mutilena baino.


Nesken futbolari mutilen futbolari ematen zaion garrantzi bera ematen zaio?

Ezta pentsatu ere ez. Nire ustez askotan nesken futbola broma moduan hartzen dute. Agian uste dutelako neskek ez dugula futbolean aritzeko ideiarik ez eta hori dela eta hemen, Gasteizen, klub askok ez dute nesken futbol taldeak atera nahi haien prestigioa galduko dutela uste dutelako. Beno hau guztia nire iritzia da, noski.


Zelan uste duzu izango dela etorkizuna?Talde gehiago irtengo dira edo daudenak desagertuko dira?


Nik argi daukat talde gehiago irtengo direla. Adibidez nire ikastetxean, gure taldea berrikuntza izan da baina orain, neska txikiagoek ere futbolean aritzeko ilusioa daukate. Gainera entzun dut ere, beste klub batzuk nesken taldea sortu nahi dutela. Pixkanaka nesken futbola gora doala uste dut, izan ere lehen soilik 5 talde zeuden eta lehenago ez zegoen ezta Arabako ligarik eta Gipuzkoan jokatu behar zituzten partiduak.





No hay comentarios:

Publicar un comentario